domingo, 7 de julio de 2013

ALEGIAZKO IPUNA. GRINAREN EUSKKARAREN ALDE








ALEGIAZKO IPUINA




GRINAREN EUSKARAREN ALDE
                  














                                                            Javier Orcajada del Castillo

                              
                                  ALEGIAZKO IPUINA              

             GRINA EUSKARAREN ALDE

Afaltzen amaitu berri zuen aterpean, hainbat aldiz muzin egin zion mendi mitiko haren gailurrera heltzea lortu ondoren. Gaueko hamarrak pixka bat pasata, ilunabarra ingurura abailtzen ari zen, oraingoz argi-ñabardura batzuk baziren ere. Pozarren ozta zegoen baina, era berean, izoztegi haren ondoko belartzan etzan zenean, Anetoren tontor argitsu eta elurtua ikusita, arratseko eguzkiaren azken izpiek fantasiaz, argitasunez eta margoez jantzitako tontorra, hain zuzen, mendiko mina gaineratu zitzaion.
Sentsazio atsegin eta bero hark hainbesteraino poztu zuen, non lozorroak hartu zuen eta une hartan ez zekien egoera hura egiazkoa ala amestua zen.
· · ·
Ispilu aurrean zegoen, euskaltzain urgazle izendatzeko zeremonian eramango zuen arropa lasai asko beztituz. Arreta handiz idatzi zituen hitzak behin eta berriz errepikatuta, erraztasunez zerizkiola atzeman zuen, bere lagun onek irakurtzeak eta ikuskatzeak ematen zioten lasaitasunaz, ezagutzen ez zuen Iparraldeko hizkuntzalari ospetsu zenak utzitako lekua bete zezan aurkeztu zuten lagun on beraiek.
Bere euskara dotorea zen, zinez aberatsa, eta hau egiaztatzeak harro sentiarazi zion. Batez ere esfortzu handiz ikasi zuelako, eta kemena askotan berreskuratu behar izan zuelako, aurrera egiteko eta amore ez emateko. Baina merezi zuen, euskarak zeukan etorkizun handieneko hizkuntzalaria zela uste baitzuten denek.
Ekitaldia egiteko zen areto nagusian sartzean, publiko ugariaren artean Zeanuriko euskaltegiaren irakasle asko ikusi zituen, eta bertan ikasi zueneko garaiko lagunen begiradekin topo egiteak pozik utzi zion. Sugestioaren bidez eta eszena irudikatzeari esker lortutako lasaitasuna eta ziurtasuna desagertu ziren, urduri jarri zen eta,  izututa, ondo baino hobeto ikasia zuen hitzaldiaz ez zela akordatzen konturatu zen. Lurra joko zuela uste zuen.
Ikernek lasaitu zuen, aretoan zeuden lagun min batzuen hamabi urteko alabalak: “Lasai, osaba, lasai, ondo egingo duzu eta; ni zuri begira egongo naiz eta, trabatzen bazara, zuk begiratu niri eta jarraitu ahal izango duzu”.
            Eta horrela gertatu zen. Hitzaldia zuzen azaldu zuen, gorabeherarik gabe. Are gehiago, bere irudimen oparoari esker, gidoitik ateratzen ausartu zen eta txantxa batzuk inprobisatu zituen, jendartean irribarre konplizeak marraztu zituztenak.
            Erantzun-diskurtsoa beste euskaltzain batek egin zuen, ez zekien bere izena baina etengabe irribarretsu eta naturaltasun osoz egin zuela hauteman zuen. Euskal zinemaren artista baten antza zeukan. Ez zen izenaz gogoratzen. Honek guztiak euskaltzain-gaia hunkitu zuen.
· · ·
            Hotzak iratzarri zuen. Erlojuari begiratu zion: gaueko hamabiak ondo pasata ziren. Neke handiz iritsi zuen mendiaren gailurra argitzen zuten eguzki-izpiak desagertuak ziren. Aterpe barruan sartzea erabaki zuen. Lozakuan sartu eta lo egiten saiatu zen, baina ezin: loa galdua zuen eta burua izugarri erne.
            Kanpoaldean izandako ametsaz akordatu eta goibeldu zen: zalgurdia kalabaza bihurtu zen, bost urte luze pasa ondoren bere euskara maila oraindik oinarrizkoa baitzen. Esnaturik igaro zuen gau hartan, ostera, bere ametsa mezurik gabeko istorioa baino gehiago zela ohartu zen. Euskaltzain-gaitzat ongietorria eman zion akademikoa, egiatan, euskaltegian amaitu berriko ikastaroaren bere irakaslea zen, eta konturatu ere, konturatu zen ez zela bere hitzaldiaz gogoratzen, baina bai, berriz, Euskaltzaindian sartzeko ekitaldian erantzun zion euskaltzain gazte haren diskurtsoaren zenbait pasartez.
            Orduan ez zuen jakin hitz haien kalitatea eta edukia ulertzen, baina argi gogoratzen zuen nola ematen zion adorea euskara ikasten jarrai zezan, batzuen ustez landugabea zen hizkuntza hura, eztarriko soinuz betea eta ñabardurarik gabekoa, eskolagabeen artean komunikatzeko beste baliorik ez zuena. Indarrak alferrik galtzea zela, esfortzu hori beste hizkuntza baliagarriago eta hedatuago batzuk ikasten erabiltzea hobe zela pentsatzen zuten beraien iritzia. Bai, ezin ukatu irakasleak sarritan erakusten ziola bere poza ikasteko jartzen zuen interesa ikusita, baita behin baino gehiagotan jarraitzeko animatzen zuela ere. Gainera, harro sentitzen zen bere buruarekin bere hizkuntza ikasteko egiten zuen esfortzuaz, eta lotsa ematen zion hainbat hizkuntza atzerritar ezagutzeak berezkoa zena jakin gabe. Baina beti erantzun zion bere buruari balio gutxiko zela, ez baitzuen aurrerapenik ikusten asko ikasi arren, erantzun edo ariketa zuzen bat eginda irakasleak zoriontzen zuenean bere barnean harro sentitzen bazen ere.
            Bere grina ikastea zen, eta José Martí askatzailearen esakuneak laguntzen zion: “Pertsona ikasiak izatea aske izateko modu bakarra da.” Euskara ikasteko bere guraria pozik egoteko arrazoia zen.
            Goiz altxatu zen eta txangoa amaitutzat eman zuen. Autoa utzia zuen aparkalekura joan zen Benasquera itzultzeko asmoz.
            Jaitsieran, birritan porrot egin ondoren arrakasta lortzeak ematen zion barne pozaz gozatuz zihoalarik, euskaltegiko irakaslearen mezua jaso zuen:
            “Zuzendaritzak eskatu dit minik har ez dezazun kontu handiz adieraztea datorren  ikasturteko matrikularik ez dezazula egin, itxaropenik gabeko kasutzat jotzen zaitu eta, beste hizkuntza errazago bat ikasteko gomendioarekin batera.”
            Hitzok irakurtzeak eta erabilitako modu hotzak penatu zuten. Euskaltzaina izateko onespenaren amets fantastikoak eman zion pozaren zantzurik ez zitzaion geratzen. Baina ez zuen etsi: ezagutzen ez zuten beste euskaltegi bat bilatu eta matrikula beste izen batekin egitea erabaki zuen. Bere hizkuntza ikasi eta bere herrikideekin hizkuntza horretaz hitz egiteko erabakia hartua zuen. Bai, euskara bere grina zen, hainbat euskaldun zaharrek batzuetan haien mespretxua erakutsi arren, berak hutsegiteren bat egiten zuenean. Adeitasun handiagoa eta zorroztasun txikiagoa espero zituen. Ez zion axola handirik eman. Leku guztietan txoriburuak daudela pentsatu zuen.
            Balio eskala ondo finkatzen jakin zuen berehala: hain gogotsu euskara ikasten zuela zekien jende gehienak miresten zuen hitz egitea lortzen zuenean, nahiz eta hizkuntzaren hasi-masiak baino ez izan. Irribarrez gogoratu zuen bere lagun Anchek esaten zuena: “Ez duzu ergelekin eztabaidatu behar, euren mailara jaitsiko zara eta, zuk baino eskarmentu handiagoa dutenez, irabazi egingo zaituzte.”  Arrazoi osoz esan ere.
            Aparkalekura heldu zenean ohar bat ikusi zuen autoaren haizetakoan, ez zekien nork idatzi zuen, baina honako hitzak irakurri zituen:

Eta egia bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta irten dadila herriko plazan

No hay comentarios: